|
Gai horri buruz, Balmasedako herritarrek interes handia izan dutela ikusita, uztailaren 7an, beheko solairuetako lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantza onetsi egin zen aho batez Osoko Bilkura Arruntean.
Euskal Autonomia Erkidegoan, azken urteotan, etxebizitza erostea gero eta garestiagoa da, eta horrek oso arazo handiak ekarri ditu udalerri guztietara. Horren eraginez, herritar askok eta askok ezin dute etxebizitzarik erosi. Eta Balmaseda ez da salbuespena. Gure hiribilduan, etxebizitzen gaineko eskaintza oso murriztuta dago; izan ere, oso lur-eremu eraikigarri eskasa dugu. Horrez gain, lokal askori hirugarren mailako erabilpena ematen diegu edo horren antzekoa, eta, gaur egun, gutxiegi erabiltzen dira, lokal asko eta asko ez direla erabiltzen ez esatearren. Hori guztia dela eta, gaur egun, oso eskaintza handia dago lokal horien inguruan.
Beraz, lokal horietako asko etxebizitza bihurtu ahal ditugu. Eta horrela, alde batetik, gero eta horrelako espazio gehiago ez abandonatzea lortuko dugu; eta bestetik, Balmasedako irudia hobetu egingo dugu.
Gutxieneko baldintzak
Udalak bermatu egingo du etxebizitzek baldintza guztiak betetzen dituztela: higiene, bizigarritasun eta erabilera-bateragarritasun baldintzak, irisgarritasun-bermea, etab.
Alde Zaharra ordenantza honetatik kanpo utzi dugu, eta bertan dauden lokalak ezin izango dira etxebizitza gisa erabili. Era berean, ez da onartuko lurraren aurka hormaren bat daukaten bizigelak etxebizitzarako erabiltzea. Baina hormaren inguruko lokalak etxebizitzarako zerbitzu-espazioak badira (trastelekuak, arropa eskegitzeko lekuak edo antzekoak), onartu egingo da.
Etxebizitzak gutxienez gela bat izango du, eta gela horretan egon, jan eta kuzinatu egin ahal izango da. Horrez gain, bi pertsonarentzako logela, komun osoa (bainuontzia edo dutxa, konketa eta komuna) eta arropa eskegitzeko lekua izan beharko ditu. Gutxieneko azalera erabilgarria 36 m2-koa izango da. Eta gutxieneko altuera librea 2,60 metrokoa izango da (sarrerarako aretoan, pasabideetan, eta komunetan izan ezik; horrelakoetan 2,20 metrokoa izan daiteke). Pertsona bakar batentzako geletako gutxieneko azalera erabilgarria 6 m2-koa izango da, eta gela bikoitzetan 8 m2-koa. Etxebizitza guztietan bi pertsonarentzako logela egon beharko da, eta berorren gutxieneko azalera 10 m2-tik gorakoa izango da. Intrusismoa saiheste aldera, leihoetan ezin izango da burdin hesirik edo nabarrik erabili. Horretarako, bestelako sistema batzuk erabili beharko dira: beira, segurtasun-pertsianak...
. |
|