|
Horeca programaren barruan eta Ecovidrio enpresarekin batera, uda amaitu eta gero, Balmasedako Udalak beira birziklatzearen aldeko kanpaina antolatuko du. Kanpaina ostalariei egongo da zuzendua bereziki; egun, beira gehien botatzen baitute.
Gaur egun, hiribilduan, 16 edukiontzi ditugu beira birziklatzeko. Eta programa horri esker, ia hogeita hamar edukiontzi lortu ahal izango ditugu. Horrez gain, nahi izanez gero, garraiatzen errazak diren kubo batzuk ere banatuko ditugu ostalarien artean. Horrela, errazagoa eta erosoagoa izango da beira edukiontzietara eramatea. Alde Zaharrean taberna eta jatetxe ugari ditugu. Beraz, alde horretan, edukiontzietan, helduleku bereziak kokatuko ditugu 90 litroko kuboak hobeto eusteko eta edukia errazago eta era seguruagoan botatzeko.
Kanpainari atxikitzen zaien ostalariek, gainera, alde batetik, pegatina bat jasoko dute establezimendu laguntzailea dela bezeroen aurrean aitortzeko; eta bestetik, botilak zabaltzeko tresna ere jasoko dute.
Programa hau Estatuko zein Euskal Herriko beste udalerri batzuetan jarri dute abian, esate baterako: Gasteizen edo Logroñon. Eta batzuetan, bildutako beiraren kopurua areagotu egin da.
. |
|