|
Bizkaiko euskara zerbitzu batzuek (Balmasedakoa barne) egindako 2007ko “Letren leihotik” literatur egutegiak euskarazko literatura bultzatzeko helburua du.
Proiektu horrek zenbait jarduera antolatzen ditu 2007. urtean zehar, esaterako, euskarazko literatur gela; jarduera hori urtarrilaren 9tik 19ra egin da gure herrian eta oso harrera ona izan du jendearen aldetik.
5 urtetik 15era bitarteko umeek ederto pasatu dute literatur tailerretan eta guztira hiru egin dira: 10 eta 11 urteko umeentzako Yolanda Arrietaren olerki tailerra, haur literatura 5 urtetik 12ra bitartekoentzat eta azkenik, Patxi Zubizarretarena, DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat.
Ia-ia jarduera guztiak udal liburutegian egin dira, literaturaz hitz egiteko lekurik egokiena baita; egun hauetan umeek interes handiagoa erakutsi dute liburutegiko gauzetan. Azkenik, 5 urteko umeak literaturara hurbildu ziren Antton Irusta ipuin kontalariaren eskutik.
Bestalde, gurasoek ere interes handia erakutsi zuten eta hogeita hamar bat egon ziren urtarrilaren 11n Yolanda Arrietak literatur egutegiari buruz eman zuen hitzaldian. Irakasleek ere izan dute jolasak, ipuinak eta abestiak ikasteko aukera, gero eskoletan erabiltzeko.
Oro har, jarduera neketsua izan bada ere, oso emaitza onak izan ditu; horregatik, literatur mintegiak antolatzen jarraitzeko asmoa dugu, bai gurasoentzat bai irakasleentzat, literaturaz txikiekin ere gozatzeko teknikak ikasteko.
|
|