|
Erdi Aroan tokiko geografiari egokituz egindako antzinako bide erromatarrak erabiltzen ziren; horietako batek Kadaguako Pasabidea (jatorri erromatarrekoa) zeharkatzen zuen eta Zallatik igaro ondoren, gure herrira eta El Berron-erantz abiatzen zen, lautadan sartuz.
Goi Erdi Aroan Balmasedako hiribildua oso leku garrantzitsua zen kostaldetik igarotzen zen Done Jakue bidean.
Gaztelako Errege-erreginak, Errege-erregina Katolikoak barne, judutarren aldekoak ziren.
Balmasedako Aljama Haroko kondearen seme Pedro Fernandez de Velasco jaunak eta Mencia de Mendoza beraren emazteak babestu zuten.
1483. urtean (Inkisizioa ezarri zen urtea), Balmasedako auzokideak judutarren aurka azaldu ziren eta agindu zuten judutar gehiago ezin zela herrira bizitzera joan eta gainera, herrian bertan bizi zirenen seme-alabak ezin zirela Balmasedatik kanpo ezkondu. Errege-erregina Katolikoak erabaki horren aurka bazeuden ere, 1486. urtean Pedro de Terreros alkatea zelarik, Pedro Sanchez de Terreros, Juan Machon, Pedro de Zumalabe eta Sancho Velascok judutarrak kanporatu zituzten eta horregatik, zigortu egin zituzten eta kontuak ematera joan behar izan zuten. 1492. urtean Errege-erregina Katolikoek Ediktua sinatu zuten.
Balmasedako hiribildua 1199. urtean sortu zen Lope Sanchez de Mena Balmasedako eta Bortedoko jaunaren eskutik. Logroñoko forua ematean, zehapen juridikoa ezarri zion merkataritzako gune horri eta gertaera horien ondoren, hiribildua hiri-merkatu bilakatu zen.
Estatutu juridiko hori bermatzeko asmoz, ordura arte lortu zituzten pribilejio guztiak berresteko borrokatu ziren eta azkenean, berrespena hurrengoek egin zuten: Lope Díaz de Haro II.a Bizkaiko jauna (1234), Alfontso X.a (1256), Fernando IV.a (1312), Alfontso XI.a (1315), Pedro I.a (1351), Enrique II.a (1367,1371), Juan I.a (1379), Enrique III.a (1393), Juan II.a (1407), Enrique IV.a (1457), eta Errege-erregina Katolikoak (1499) eta Juana I.a (1511).
|
|