Balmaseda, Gueñes eta Zalla elkarrekin euskararen erabilera bultzatzeko.
Berbalagun Enkarterrin
Balmasedako Udala, Enkarterriko Mankomunitatea, Enkarterriko AEK eta Enkarterriko Udal Euskaltegia bildu dira eskualdean euskararen erabilera bultzatu eta Berbalagun egitasmoa abian jartzeko. Atzo aurkezpen ofiziala egin zen Zallako kultur etxean.
Berbalagun eskualdeko euskaldunen sarea izateaz gain, ikasgeletatik kanpo euskara erabiltzeko parada ere eskainiko du. Horretarako berbalagun talde txikiak osatuko dira, eta giro lasai eta alaian, partehartzaileek euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dute. Talde bakoitzak arduraduna izango du, eta hauek egitasmoaren dinamizatzaile Ana Berazarekin koordinatuko dira.
Enkarterriko Berbalagun egitasmoak zerbait berria eskainiko du, Euskararen Agenda,
berton Enkarterrin euskaraz antolatzen diren kultur ekitaldi guztien berri emango da, eta honi buruzko informazioa kartel, posta elektroniko, etxeetara bidalitako gutunen bidez emango da. Honetarako, eskualdeko kultur elkarteen partehartzea sustatuko da.
Enkarterriko biztanleen %14 euskalduna da eta urtero, 300 ikasle baino gehiago matrikulatzen dira bertoko euskaltegietan. Sustatzaileen hitzetan, "ikasprozesua asko luzatzen da hizkuntza erabiltzeko oztopoengatik, hortaz, berebiziko garrantzia du erabilera-guneak sortzeak, jendeak euskaraz aritzeko lotsak galdu ditzan."
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari Gotzon Lobera, Enkarterriko Mankomunitateko presidente Koldo Artara zeta Balmasedako Udaleko alkate Joseba Zorrilla ekitaldian izan ziren eta egitasmoa abian jartzeko elkarlanaren garrantziaz aritu ziren. Gonbidatuen artean, hainbat elkarteetako ordezkari egon ziren, eta hauek ere euren eskarmentuen berri eman zuten.
Ekitaldiari bukaera emateko, Arkaitz Estiballes bertsolariak entzundako guztien laburpena egin zuen bertsotan. Eta osteko luntxean, Ruben Sanchezek monologoa eskaini zuen eta euskaldunberri baten komeriak izan zituen hizpide.

Argazkia:

Ezkerretik eskuinera: Lorea Otxoa (Enkarterriko mankomunitateko euskara teknikaria), Josune Ortiz (Balmasedako udaleko euskara teknikaria), Arantza Suso (Balmasedako Udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotzia), Ana Beraza (Enkarterriko Berbalagun egitasmoaren koordinatzailea), Lurdes Gauna (Enkarterriko AEKko arduraduna), Bakarne Gonzalez (Enkarterriko Udal Euskaltegiko arduraduna).
Triptiko   Kartel