|
HISTORIA
Autore batzuek jatorria
1480an jartzen dute, urte horretan izurriteak hiribilduan triskantza
itzela eragin ostean, 13 penitentek, guztiz estalita, ortozik eta
herritar eta agintari askok lagunduta, Kolitza mendira jo ei zuten.
Dena dela XVIII. mendera arte (1771), ez dago dokumentuz ziurtatzerik,
urte horretako udal agiri batzuetan jasotzen baita lehenengoz "Aste
Santu eta Korpuseko Prezesioak".
Lehengo prozesioak ohiko erakoak
ziren, hau da pausu ezberdinak antzezteaz arduratzen ziren kofradiakideek
eta eliz gizonek osatua. XIX. mendean osagai berriak sartzen hasi
ziren, hau da:
-1851n, Ostiral Santuko prozesioan, "penitenteak" eta
nazarenoak" agertzen dira.
-1859an, "fariseoak" edo erromatar guardiako soldaduak
sartzen dira, gaur egun arte osagairik nabarmenena bihurtuz.
XIX. mendeko azken hamarkadan lehenengoz
aipatu zen berez Aste Santuko pertsonaiarik nagusiena den "Nazarenoa"
edo "Jesukristo". Ordutik aurrera hitz egin dezakegu beraz
Jesukristoren pasioaren antzezpen biziari buruz.
Urteak pasatu ahala eszenak hobetzen
eta osatzen joango dira elementu eta pertsonaia berriak gehituz,
hau da:
-1911n, hiru Mariak
eta Magdalena.
-1935ean, "Atxilotzearen" eszenaren ostean, "Pretorioa"
antzeztuko da, Poncio Pilatosek Jesukristori egindako epaiketa.
-1955ean, lapurrak.
-1957an Ama Birgina.
Baina 1963ra arte ez zen eszenifikazio
bakoitzean unerik gorenentzat hartzen den "Gurutziltzaketa".
Hasiera batean hirigunean bertan antzeztu bazen ere, bi urteren
buruan "Kalbario Mendia" ematen duen egurrezko egitura
eriki zen , maila ezberdinetako piramide moztu itxuraduna eta zuhaitz
abar eta lurrez estalia; tontorrean Kristo eta lapur biak jarriko
dira nor bere gurutzearekin, gainontzeko pertsonaiak hierarkiaren
arabera banatuak, beherantz, estrukturaren oinetaraino, non bigarren
mailako pertsonaiak eta "Israeleko herria" bera jartzen
diren, izugarrizko planteamendu eszenikoa erakutsiz.
Azken urte hauetan arlo batzuetan
hobekuntzak egon dira, bai teknikoak, bai eszenikoak. Honela bada,
Ostegun Santuko gauean antzezten diren "Azken Afaria",
"Baratzeko Otoitza" eta "Jesusen Atxiloketa"
aipa daitezke.
AURKEZPENA
Guztiok
dugu ezagun Balmasedako Via Crucis biziduna, protagonistatzat herritarrak
beraiek dituena. Gaur egun 500etik gora lagunek hartzen dute parte,
batzuek tradizioa ardatz dutela, beste batzuk arrazoi erlijiosoengatik,
aginduren bat dela eta, baina denak balmasedarrak izateak ematen
duen harrotasuna barneratuta. Txiki txikitatik balmasedarrek ohitura
honen iturritik edaten dute, Magdalena eta Santo Domingo Auzoetako
umeen Via Crucis bizidunetan parte hartuz, hurrengo asteburuan izaten
dena; tradizio izugarri honentzat harrobi lan suposatzen du honek
zalantza barik.
Ezinezkoa litzateke Balmaseda Hiribilduan
Aste Santua deritzogun denbora tarte horretan gertatzen dena definitzeko
modu hoberik bilatzea, hitz hauetatik ondorio daitekeena baino,
berez ederrak izanik, indarra baitarie: euren tradizioa zaintzeko
Pasioa daukatela, Balmasedarrak buru belarri ekiten diote Jesus
Nazaretekoren bizitzaren azken uneen antzezpen dramatikoa erakusteari.
Ostegun Santuan hasiko da guztia, "Azken Afaria", "Baratzeko
otoitza" eta "Jesusen atxiloketa" antzeztuz.
Ostiral Santuan, goizeko 9etan guardia
erromatarraren danborren soinua hasiko da eta dena prest egongo
da "Pilatosen Epaiketa" burutzeko, Judasen urkatzea eta
Pasioaren bestelako gertakizunak urrats bizidun antza hartzen dute,
gurutziltzakatzeraino.
PROZESIOAK
Pasio biziduna ez da Balmasedan aurki dezakegun herri
sentimendua erakusten duen bakarra. Ostegun eta Ostiral Santuetan,
bestelako prozesio batzuek ere Hiribilduko pietatea osatzen dute.
- "Urratsen Prozesioa".
Ostegun Santuko arratsaldean,
desfilea zaintzen duten fariseo eta penitenteen ohiko urratsetik
kanpo biltzen dira.
- "Lurperatzearen
Prozesioa". Ostiral Santuko
arratsaldean, aurreko eguneko pertsonaia eta Urratsekin batera,
Magdalena, Ama Birjina , Veronika, Apostolu eta goizeko antzezpeneko
bestelako pertsonaiekin batera desfilatzen du.
- "Isiltasunaren Prozesioa".
Ostiral Santuko gauean, tradizio handikoa, jende ugari biltzen
du, fariseoek lagunduta; "Hilerriko Kristo" eta "Samindura"
figurei Hilerrian duten lekuraino laguntzen diete, izugarrizko
isiltasunean guztia.
|
|
|